XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Biharamunean, domeka, gozamenezko goiz atsegina argitu zuen eguzkiak eta itsasoa hain zegoen bare non Sevillako ibaia begitandu zitzaidan.

Urretxindorren txintak aditzea, besterik ez genuela falta, esan zion Colombusek Joannesi nire aurrean.

Marinel artean zebilen artegatasuna eta arrengura sendatzearren etorria zen Almirantea gure karabelara, zeren espantuak jota zegoen eskifaia.

Ez ziren, bada, hamar egun joan Gomeran abiatu ginenez gero, inongo lehorrik ikusi gabean?

Zorionez, beste gertaera bat izan zen Almirantea ateka gaizto haretatik atera zuena.

Gure enbarkazioen alboetan belar multzo itzelak, ezin berdeagoak, ageri ziren.

Abiadan zetozen, suge luzeen antzeko bideak zabalduz urganan.

Marinel adituek lehorraldea hantxe gertu izatearen seinaletzat hartu bazuten ere, zuhurrago mintzatu zen Almirantea.

La tierra firme la hago más adelante, esan zuen.

Haatik, gizon harek guri zioskuna baino hobeto bide zekien Oçeano eta Oçeanoko gorabeheren berri.

Belarrezko segizio haren barruetan zeozeren aztarnarik ote zegoen ibili ziren gure eskifaiako batzuk.

Alde izan zuten adurra, hango belarren artean karramarro garau bat aurkitu bait zuten.

Nahiz eta bakarra izan, haren jatorria zatekeen balizko ibaiaren kontuak egiten hasi ziren, poz betez.

Eskifaietako beste batzuk, aldiz, ezadostasuna modu nabarmenean erakusten hasi ziren, karramarroa gorabehera.